XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Autonomiaren printzipioa, euskal eskola publikoaren eraiketarako oinarria.

Titularitate formal berri baten bila

Hezkuntzaren munduan ikastetxe baten titularitatea esaten dugunean, ikastetxe baten sustatzaile den eta horregatik berorren arduradun eta jeneralean jabe den pertsona fisiko, juridiko edo instituzionala adierazi nahi dugu, erlazio horren berarekin daramatzan eskubide eta obligazioekin, argitzen du Titularitateaz arduratzen den kapituloak.

Eta hau izan ohi da eztabaida askoren gakoetako bat.

Apunte hauetan zera irakur daiteke: guretzat garrantzia duena da herri honentzat Ikastola Publiko berri baten birdefinizioko momentu historiko honetarako formula egokia bilatzea.

Formula honetara iristeko kontutan hartzekoak dira Ikastolen ezaugarriak: erakunde irekia izatea, beren gaitasuna ondo frogatua izatea, bere barne-antolamenduan partaidetza zabala posible egiten duen erakundea izatea, erakunde plurarista izatea....

Ezaugarri horiekin eta nortasun horrekin, ikastolek, gizarte-erakunde bezala, baliagarriak direla frogatu dute beren hezkuntz eta kultur lanean, eta ordainetan gizartearen aldetik ere laguntza eta begirune handia jaso dute.

Beraz, titularitate formal berri baten bila abiatzerakoan, ezaugarri guzti hauek kontutan izan behar dira.

Hau dela eta konfigurazio horrek juridikoki aitortu behar du zentruen autonomia, beren burua autogobernatzeko eskubide bezala.

Beraz, printzipio horrek galdatzen du Administrazio Publikoaren organizazio-formula arruntetatik ateratzea eta, beraz, alde batera uztea gaurko zentru publikoen enkajadura, helburu bakartzat duena, organizazio-eredu koherente bat bilatzea EEP-arentzat nahi diren koalitateekin.

Apostu hau mahai gainean jartzerakoan, ez du Ikastolek Elkarteak enbidoa beste edonorren teilatura bota....

Txostenarekin batera, proposamen juridiko serioa ere prestatu du, zehaztasun guztiak lantzen eta argitzen direlarik.

Debatean zehar puntu honen inguruko aportaziorik izango bada ere, irteera honetan proposatzen denaren arabera, titularitate publikokoak izateak ez du derrigorrez esan nahi administrazioarenak direnik, ez eta gutxiago ere....

Zuzenbideak eskaintzen du Estatuarenak izan gabe publikoak izateko aukerarik...... eta hauexek dira, hain zuzen ere, txostenean lantzen direnak.

Txostenaren laugarren atala Gobernu eta funtzionamendu egiturari dagokio.

Alor honetan, besteak beste, Batzarre Orokorra finkatzen da ikastolako organo erabakitzaile gorena eta honen funtsezko izaera ezartzen duena bezala, bere organo ordezkatzaile eta funtzionala Gestio-Batzordea delarik.

Batzarre Orokorraren pean egongo da zuzenean Gestio-Batzordea, eta tartekorik gabe bere menpean egongo da Zuzendaritza Ekipoa.

Garrantzi handikoa da, era berean, txostenean lantzen den hezkuntz proiektua.

Eta, kasu honetan ere, aurrez aipaturik dauden balioak azpimarratzen dira, hala nola ikastolaren ezinbesteko euskalduntasuna eta pluraritatezaletasuna, bai eta, noski, autonomiaren printzipioa ere.

Pertsonalgoari dagokionez, eztabaidagai bezala plazaratzen da irakaslegoaren funtzionari bilakatzea.

Azken batean, Euskal Eskola Publikoaren eraikuntza prozesoan pertsonalgoari buruzko aukera eta alternatiba ugari aurki daiteke, eztabaidagarriak denak....

Txostenean agertzen denez, Irakaslegoa funtzionari bilakatzea alternatiba bat da, baina ez bakarra.

Ez eta, agian, hoberena ere.

Azkenik, finantzaketari eskaintzen zaio azkeneko atala, Euskal Eskolaren finantzaketak kontutan izan behar ditu ikastetxe bakoitzeko aurrekontuei branka ematen lagunduko duten iturri ezberdinak, adieraziz, eta finantzaketa hau arautzeko kontutan hartu beharrekoak diren hamar premisa finkatuz.